Demi Volleringek Itzulia Womeneko hirugarren etapa irabazi du, eta 2024ko edizioko txapela eraman du

  • Demi Volleringek hirugarren etapa irabazi du Donostiako bulebarrean 
  • Demi Vollering 2024ko Itzulia Womeneko garailea izan da, eta bigarren txapela eraman du  
  • Podiumean, Mischa Bredewold, bigarrena, eta Juliette Labous, hirugarrena, egon dira berarekin 

 

2024ko Itzulia Womeneko azken etapa iritsi da. Txirrindulariek Donostiako Klasikokoa bezalako ibilbidea zeukaten aurretik, hau da, edizio honetako irabazlea nor izango zen erabakiko zuten ia-ia 115 kilometroak.  

Irteeran, Mischa Bredewoldek maillot horia zeraman soinean, eta argi zegoen jardunaldiaren amaieran horri eusteko borrokatuko zela bete-betean. Ez zen erraza izango, ordea. Sailkapeneko bigarrenarekiko aldea 14 segundokoa baino ez denez, sailkapen nagusiko garaipena lehiatsua izango da oso.  

Etapa erritmo bizi-bizian hasi denez, 12 txirrindulariko ihesaldia ez da etapako 62. kilometroraino sortu. Honako txirrindulari hauek egon dira bertan: Blanka Vas (SDW, 3), Amanda Spratt (LTK, 15), Agnieszka Skalniak-Sójka (CSR, 23), Eleonora Ciabocco (DFP, 32), Carina Schrempf (FED, 51), Inge Van Der Heijden (FED, 55), Urska Zigart (LAJ, 66), Claire Steels (MOV, 76), Nikola Noskova (COF, 86), Victorie Guilman (AUB, 93), Elena Pirrone (CGS, 111) eta Laura Asencio (WNT, 191). Lasterketa-buruko taldeak 2 minutu eta 10 segundoko gehieneko aldea lortu du tropelarekin.  

Team SD Worx-Protimek lasterketa eduki du kontrolpean, eta alde hori 50 segundora jaitsi du helmugatik lehen aldiz igaro direnean. Bazekiten eguneko igoera gogorrena eta erabakigarriena zetorrela ondoren: Murgil. Ia-ia %20ko maldak zeuzkaten zain 4 kilometrotan. Iheslariekiko aldea 40 segundokoa zen.  

Aldea gogor hasi da murrizten. Hori dela eta, lehenengo bi kilometroak igo ostean, alde hori 20 segundokoa izan da. Orduan, unea iritsi da. Demi Volleringek zirt edo zart egin du, eta erasoari ekin dio. Juliette Labous (DFL, 33) baino ez da metro batzuetan bere atzetik joateko gai izan. Holandarraren erritmoa ezin biziagoa izan da, eta ez du helmugaraino etsi. Atzetik, 9 txirrindulariko taldeak 30 segundo galdu ditu, eta Labous haien artean zegoen. Lasterketako liderra zen Mischa Bredewolden taldeak minutu bat baino gehiago galdu du Mendizorrotzeko mendatearen goiko aldera heldu baino lehen.  

Oriorako jaitsieraren ostean, Volleringek 48 segundoko aldea eduki du talde jarraitzailearekin; eta minutu bat eta erdikoa, maillot horiaren taldearekin. Ibilbide lauan, iheslarien erritmoa oso-oso handia izan denez, talde jarraitzaileekin zeuzkan aldeei eutsi die.  

Azkenik, Demi Volleringek 2024ko Itzulia Womeneko hirugarren etapa irabazi du, eta sailkapen nagusiko garaipena lortu du Mischa Bredewolden eta Juliette Labousren aurretik, hurrenez hurren.  

 

3. etaparen osteko sailkapenak

Etapako irabazlea: Demi Vollering (SDW, 2) 

Banakako sailkapen nagusia: Demi Vollering (SDW, 2) 

Mendiko sailkapena: Demi Vollering (SDW, 2) 

Puntukako sailkapen nagusia: Demi Vollering (SDW, 2) 

Gazte onenaren sailkapen nagusia: Ella Wyllie (LAJ, 63) 

Taldekako sailkapen nagusia: Team SD Worx-Protime 

Euskaldun onenaren sailkapen nagusia: Ane Santesteban (LKF, 131) 

Borrokalariena: Amanda Spratt (LTK, 15) 

 

Dominika Wlodarczyk nagusitu da hirugarren etapan, eta Mischa Bredewoldek Itzulia Women 2026 irabazi du
Dominika Wlodarczykek bigarren etapa irabazi du amaierako esprint estuan
Mischa Bredewoldek Zarautzen irabazi eta maillot horia jantziko du