Dominika Wlodarczykek hirugarren eta azken etapa irabazi du; bigarren garaipena eskuratu du edizio honetan
Mischa Bredewoldek Itzulia Women 2026 irabazi du
Podiumean Yara Kastelijn eta Lauren Dickson izan ditu alboan, hurrenez hurren
Itzulia Women 2026 lasterketaren hirugarren eta azken etapa Donostian atera eta Donostian amaitu da. Donostiako Klasikoaren ohiko ibilbidea izan du. Mischa Bredewold horiz jantzita atera da. 16 segundoko abantaila zeukan bigarren sailkatuarekiko: Yara Kastelijn (FPC, 103). Gainerako faboritoak sailkapen nagusian hurbil zeuden, maillot horia eskuratzeko lehian ahalegintzeko moduan.
Etaparen hasieran ihes egiteko ahaleginak egon dira, baina ez dute arrakastarik izan. Bideak ez zuen zailtasun handirik ihesaldi goiztiar bati trabak jartzeko. Lasterketaren 27. kilometroan, Noémie Abgrallek (MPE, 181) tarte apur bat lortu du tropelarekin. Atzetik zeuzkan Maria Moldan (TPP, 115M) eta 20 txirrindulari inguruko taldea. Tropelarekiko distantzia oso txikia zen, 35 segundo ingurukoa. Jaizkibel igotzen hasi aurretik, tropelak ihes egindakoak harrapatu ditu.
Ihes egiteko ahalegin guztiek huts egin dute. Team SC Worxs-Protime taldeak lasterketa arazorik gabe kontrolatzen zuen, eta eraso guztietan ateratzen zen. Gurutzerako igoeran, zenbait txirrindularik eraso egin dute. Nadia Quagliotto (CWT, 146) oso aktibo egon da eta distantzia hartzen ahalegindu da, baina ez du arrakastarik izan. Tropelak elkartuta jarraitzen zuen. Sailkapen nagusiko faboritoek helmugatik pasatzeko esprintean borrokatu nahi zuten, segundoen hobaria lortzeko. Denak kontatzen zuen txapela eramateko.
29 kilometro falta zirela, Laboral Kutxak lasterketa mugitu du Paula Patiñorekin (LFK, 56), baina Movistar Teamek hutsunea itxi du. Tarteko bigarren esprinta igaro ondoren, tropelak Nina Buijsmani (HPH, 86) eta Morgane Costoni (MPE, 183) ihes egiten utzi die, eta 50 segundoko abantaila lortu dute. Tropelak Coston harrapatu du, baina Buijsmanek eutsi egin dio. Mendatera hurbiltzen ari zirela, tropelak harrapatu egin du.
Igoeran, hasiera-hasieratik, Juliette Bethetek erritmo oso ona markatu du eta indartsuenak berarekin eraman ditu. Bredewoldek lasterketa buruan eutsi dio. Niedermaierrek erreleboa hartu eta igoerako erritmoa markatu du. Talde osoa ilaran. Liane Lippertek (MOV, 61) kontaktua galdu du faboritoen taldearekin eta Mischa Bredewoldek guztia eman du taldean mantentzeko. 14 kilometro besterik ez amaierarako. Indartsuenen talde horretan Usoa Ostolaza ere bazegoen. Munduko txapelduna eta maillot horia taldetik metro batzuk urrundu dira. Lasterketako liderra autorregulatu egin da ez lehertzeko. Niedermaierren erritmoaren eraginez, lasterketa buruan 7 txirrindulari baino ez dira geratu: Juliette Berthet (TFS, 11), Lauren Dickson (TFS, 13), Evita Muzic (TFS, 15), Antonia Niedermaier (CSZ, 23), Usoa Ostolaza (LKF, 55), Dominika Wlodarczyk (UAD, 91) eta Yara Kastelijn (FPC, 103).
Maillot horiak 30 segundo galdu ditu, eta lasterketako behin-behineko liderra Yara Kastelijn (FPC, 103) zen. Beheranzkoan, Mischa Bredewoldek guztia eman du distantzia murrizteko, eta lortu egin du. Behera iristean, lasterketako buruarekin 10 segundoko aldea besterik ez zuen. Itzulia Women 2026ko azken 3 kilometroak erlojupekoa izan dira txirrindulari holandarrarentzat. Atzean utzi ditu berarekin zihoazen Lidl-Trek taldeko bi txirrindulariak.
Dominika Wlodarczykek (UAD, 91) berriro ere irabazi egin du esprintean, eta edizio honetako bigarren etapa eskuratu du. Mischa Bredewoldek Itzulia Women 2026 irabazi du, azken igoeran sufrituta eta galdutakoa azken kilometroetan berreskuratu ondoren.
Podiumean alboan izan ditu Yara Kastelijn (FPC, 103) eta Lauren Dickson (TFS, 13) hurrenez hurren.
Sailkapenak 3. etaparen ostean
Etaparen irabazlea: Dominika Wlodarczyk (UAD, 91)
Sailkapen nagusia: Mischa Bredewold (SDW, 71)
Bigarren sailkatua: Yara Kastelijn (FPC, 103)
Hirugarren sailkatua: Lauren Dickson (TFS, 13)
Mendiko sailkapena: Yara Kastelijn (FPC, 103)
Puntukako sailkapena: Mischa Bredewold (SDW, 71)
Gazteen sailkapena: Ema Comte (CWT, 144)
Taldeen sailkapena: FDJ United-SUEZ
Euskaldunen sailkapena: Usoa Ostolaza (LKF, 74)
Saiatuena: Mischa Bredewold (SDW, 71)