Domimnika Wlodarczykek Amorebieta-Etxanon irabazi du, etapa oso lehiatuan
Mischa Bredewoldek maillot horiari eutsiko dio
Itzulia Women 2026 lasterketaren bigarren etapa Abadiñon atera eta Amorebieta-Etxanora heldu da. Edizio honetako etaparik luzeena izan da: 138 kilometro eta 5 mendate puntuagarri. Mischa Bredewoldek maillot horia zeraman irteeran irribarre batek lagunduta, eta gauzak argi zituen, “lehenengo etapako estrategia bera erabiltzea”.
Etaparen hasieran, hiru mendate puntuagarri eta Nikola Noskovaren (CWT, 141) erasoa. Tropelarekin 58’’-ko tartea lortu du lasterketaren 40. kilometroan. Tropelak lasterketa kontrolatu du, eta Cofidiseko txirrindulariari ez dio utzi minutu 1etik gorako abantaila handitzen. San Pelaiorako igoeraren hasieran, ihesaldia neutralizatu egin dute.
Lasterketa oso kontrolatuta zihoan helmugarako 30 kilometro falta ziren arte. Une horretan, ihes egiteko ahaleginak hasi dira, Ibarrako tarteko esprintaren ostean. 10 txirrindulariko taldeak tropelarekin tarte apur bat lortu du, baina FDJ United-SUEZ taldeak tartea itxi du eta tropel osoa berriro elkartu da.
Kilometro batzuk aurrerago, Caroline Anderssonek (LIV, 35) aurrera egin du, eta 20 segundoko abantaila lortu du. Etapako azken mendatean mugimendu asko egon dira. Juliette Berthetek (TFS, 11), Evita Muzickek (TFSm 15), Antonia Niedermaierrek (CSZ, 23) eta Liane Lippertek (MOV, 61) tropeletik eraso egin dute. Atzetik faboritoen beste talde bat sortu da, lasterketako liderrarekin. Sailkapen nagusirako faboritoek taldea osatu dute mendatearen jaitsieran, eta Caroline Andersson (LIV, 35) neutralizatu egin dute.
Hurrengo aldapetan, Liane Lippertek (MOV, 61) eraso egin du, eta inork ezin izan dio jarraitu. Helmugarako 17 kilometro baino ez eta esprint hobariduna bidean. Movistarreko txirrindulariak 20 segundoko distantzia zuen tropelarekiko. Bi talde horien tartean, Loes Adegeest (LTK, 46) zegoen. Lippert erori egin da jaitsieran, eta abantaila galdu du. Loes Adegeest (LTK, 46) lasterketako liderra zen helmugarako 14 kilometro falta zirenean, baina faboritoen taldeak hurbiletik jarraitzen zion.
Amaierarako 8 kilometro besterik ez ziren falta. Dena erabakitzeko zegoen. Talde nagusia elkartuta maillot horia tartean zela. Lidl-Trek taldeko Shirin van Anrooij liderrak (LTK, 41) eraso egin du eta Dominika Wlodarczyk (UAD, 91) gurpilari itsatsita zeukan. 17 segundoko tartea lortu dute, eta helmugarako 3 kilometro besterik ez ziren falta.
Etapa esprintean erabaki da. Dominika Wlodarczyk (UAD, 91) indartsuena izan da, eta Itzulia Women 2026 lasterketako bigarren etapa irabazi du, maillot horiaren aurretik.
Sailkapen nagusian ez da aldaketa handirik egon. Mischa Bredewoldek segundo batzuetako abantaila lortu du hobariei esker.
Sailkapenak 2. etaparen ostean
Etaparen irabazlea: Dominika Wlodarczyk (UAD, 91)
Sailkapen nagusia: Mischa Bredewold (SDW, 71)
Mendiko sailkapena: Yara Kastelijn (FPC, 103)
Puntukako sailkapena: Mischa Bredewold (SDW, 71)
Gazterik onenaren sailkapena: Ema Comte (CWT, 144)
Taldeen sailkapena: FDJ United-SUEZ
Euskaldunik onenaren sailkapena: Usoa Ostolaza (LKF, 74)
Lehiakorrena: Nikola Noskova (CWT, 141)