Demi Vollering bikain aritu da azken etapan, eta 2025eko Itzulia Women irabazi du

  • Demi Volleringek bere hirugarren txapela eraman du  
  • Mischa Bredewoldek eta Sarah Van Damek azken podiuma osatu dute Donostian 

Itzulia Womeneko azken etapa erabakigarria iritsi da, eta Donostiako Bulebarrean hasi eta amaitu da. Txirrindulariek 112 kilometro zituzten aurretik, azken podiumeko postu garaienera igotzeko. Etapa honi ekin dionean, Mischa Bredewoldek 12 segundoko aldea zeukan sailkapen nagusian.  

Eguneko lehenengo albistea heldu da, sailkapen nagusiko bigarren postuan zegoen Liane Lippert (MOV, 42) txirrindularia ez delako irteeran egon. Taldeak iragarri duenez, “oso gau txarra igaro du, eta ezin nekatuago dago”.  

Etapa abian jarri da, eta, aurreikuspenen arabera, lehenengo erasoak gertatu dira berehala. Hala ere, Jaizkibelera iritsi arte ez da 20 bat txirrindulariko ihesaldia sortu. Dena dela, berehala harrapatu ditu tropelak. Jaizkibelerako igoeran, Ava Holmgrenek (LTK, 32) zenbait metrotako abantaila lortu du, baina gora heldu baino lehen harrapatu dute.  

Gurutzetik igarotakoan, Sara Martínek (MOV, 45) eta Célia Le Mouelek (CTC) minutu bat eta 45 segundoko aldea zeukaten tropelarekin. Talde nagusia FDJ-Suez taldearen lidergopean joan da alde hori murriztu nahian. 40 kilometro baino ez ziren falta helmugarako.  

Helmugatik lehen aldiz igarotzean, aldea minutu batekoa zen bi taldeen artean zihoan Stina Kagevirekin (REP, 106). Hala ere, berehala neutralizatu dute.  

Lasterketa-buruko bikoteak gogor lan egin du, aldeei eusteko eta, azken igoerari ekitean, tropelarekin behar besteko aldea edukitzeko. Atzetik, ordea, faboritoen taldeek bete-betean lan egin dute, aldea murrizteko. Igotzen hasi baino lehen harrapatu dituzte, beraz. Igeldorako igoerak etapako eta 2025eko Itzulia Womeneko irabazlea nor izango zen erabaki du.  

Igoerako lehenengo metroetatik, FDJ-Suez eta Liv-Jayco-Alula taldeen erritmoa ezin biziagoa izan da. Lasterketako liderra faborito nagusia zen Demi Volleringen (TFS, 1) albo-alboan joan da.  

Mavi Garciak (21, LIV) erritmoa biziagotu duenez, lasterketa hautsi du, eta 5 txirrindulariko taldea sortu da. Demi Vollering (TFS, 1) eta Mischa Bredewold (SDW, 11) txirrindulari horien artean zeuden.  

Argi ikusi da maillot horiak nekez eutsi ahal ziola erritmoari. 15 kilometro falta zirenean, Volleringek erritmoa biziagotu du, eta ondo-ondoan zeramatzan Mavi Garcia (21, LIV) eta Antonia Niedermaier (CSZ, 83) txirrindulariekin hasi da aldentzen.  

Volleringen erritmoa ezin biziagoa izan denez, Mavi Garciak (21, LIV) eta Antonia Niedermaierrek (CSZ, 83) amore eman dute azkenean. Demiren kronoeskalada abian zegoen. Bredewoldek denbora galtzen jarraitu du, nahiz eta Lidl-Trek taldeak erritmoari eusten lagundu dion. FDJ-Suez taldeko liderrak 20” irabazi behar zituen, bere hirugarren Itzulia irabazteko.  

Helmugatik 12 kilometrora, aldea 55”-koa izan da. Volleringek esku-eskuan zeukan. Antonia Niedermaier (CSZ, 83) 46 segundora zegoen. Atzetik zihoazen gainerako txirrindulariak, lasterketako liderra bera ere tartean, berriro elkartu dira igoerako tarte errazenean. Mischa Bredewold taldetik tiraka hasi da aldea murrizteko ahaleginean.  

Azkenean, Demi Volleringek bakar-bakarrik gurutzatu du helmuga, eta 55 segundoko aldea lortu du gainerako txirrindulariei dagokienez. Hori dela eta, Volleringek hirugarren garaipena erdietsi du Itzuliko sailkapen nagusian. Mischa Bredewoldek eta Sarah Van Damek osatu dute podiuma.  

 

3. etaparen osteko sailkapenak

Etapako irabazlea: Demi Vollering (TFS, 1) 

Banakako sailkapen nagusia: Demi Vollering (TFS, 1) 

Mendiko sailkapena: Demi Vollering (TFS, 1) 

Puntukako sailkapen nagusia: Mischa Bredewold (SDW, 11)  

Gazte onenaren sailkapen nagusia: Antonia Niedermaier (CSZ, 83) 

Taldekako sailkapen nagusia: Cerartizit Pro Cycling Team 

Euskaldun onenaren sailkapen nagusia: Usoa Ostolaza (LKF, 74)  

Borrokalariena: Gaia Segato (BPK, 124) 

Dominika Wlodarczyk nagusitu da hirugarren etapan, eta Mischa Bredewoldek Itzulia Women 2026 irabazi du
Dominika Wlodarczykek bigarren etapa irabazi du amaierako esprint estuan
Mischa Bredewoldek Zarautzen irabazi eta maillot horia jantziko du