Zarautz, Abadiño, Amorebieta-Etxano eta Donostiaren arteko hiru etapak markatuko dute hurrengo edizioa
Itzulia Women lasterketaren antolakuntzak 2026ko edizioaren ibilbidea jakinarazi du atzo Zarautzen egindako prentsaurrekoan. Ekitaldian Xabier Txurruka herriko alkateak, Inaxio Ilarramendi, kirol zinegotzia eta Javier Riañok parte hartu dute.
Probaren hasierako etapa Zarautzen irten eta Zarautzera iritsiko da. Ibilbideak 121,2 kilometroko distantzia, 2.239 metroko desnibel positiboa eta hirugarren kategoriako sei mendate izango ditu.
Bigarren etapa Abadiñoren eta Amorebieta-Etxanoren artean izango da. Etapa horrek 138 kilometro, 2.474 metroko desnibel metatua eta hirugarren kategoriako bost mendate izango ditu.
Hirugarren eta azken etapa Donostian irten eta bertara helduko da. Donostiako Klasikoaren ibilibide bera izango du, eta 113,1 kilometroko distantzia eta 1.729 metroko desnibela. Hiru mendate puntuagarri izango ditu: bat lehen kategoriakoa, beste bat bigarren kategoriakoa, eta hirugarrena hirugarren kategoriakoa.
Lasterketaren 5. edizioak 372,4 km eta 14 mendate puntuagarri izango ditu. Antolakuntzak adierazi du datozen egunetan iragarriko dituztela edizio honetan parte hartuko duten ekipoak.