- Mischa Bredewoldek edizio honetako bigarren etapa ere irabazi du
- Mischa Bredewoldek maillot horiari eutsi dio
- Sailkapen nagusiko postuak azken etapan erabakiko dira faboritoen artean
2025eko edizioko bigarren etapa Ugao-Miraballesen hasi da. Egunaren hasieran, albistea iritsi da, Anna Van Der Breggen ez delako irteeran egon lehenengo etapan izandako erorikoaren ondorioz.
Lehenengo kilometroetan, zenbait eraso egon dira ihesaldia sortu nahian. 99 kilometro falta zirenean, Giorgia Vettorello (CGS, 91), Marie-Morgane Le Deunff (WOS, 116), Andrea Casagranda (BPK, 121) eta Elisa Valtulini (BPK, 122) txirrindulariek segundo gutxi batzuetako aldea lortu dute. Hala ere, lehenengo mendatea igo baino lehen neutralizatu dituzte.
Etapak aurrera jarraitu du, eta faborito nagusiak 30 bat txirrindulariko taldean zihoazen. Etapako tarte gogorrena gainditu arren, bi mendate eta oso ibilbide malkartsua geratzen zitzaizkien aurretik.
Tropelak nekaezin ekin dio, eta oso abiadura handian joan da etapa osoan. 50 kilometro geratzen zirenean, ordea, erritmoa moteldu du, eta erasoak hasi dira. Julie Van De Veldek (AGS, 145) erritmoa aldatu du Gerekizera igotzeko kilometro bat falta zenean, eta minutu bat eta 5 segundoko aldea lortu du. Marta Jaskulska (CTC, 54) tartean zegoen arren, ezin izan du Van De Velde harrapatu, eta, azkenean, tropelak berak harrapatu du.
Bazirudien AG Insurance-Soudal Teameko txirrindulariaren abentura amaitzear zegoela eguneko azken igoeraren ostean, baina tropelak abiadura moteldu du, eta bi iheslariei utzi die alde egiten. Talde nagusian zegoen Dilyxine Miermont (CTC, 56) irten egin da lasterketa-buruarekin bat egin nahian. Geroago, Mijntje Geurtsek (TVL, 175) erasoari ekin dio.
17 kilometro falta zirenean, tropelarekiko aldea 30 segundokoa baino ez zen. Besteak beste, FDJ-Suez, Lidl-Trek eta Team SD Worx-Protime taldeek bete-betean lan egin dute talde-buruan. Tropelean, erasoan jarraitu dute. Txirrindulari askok ez zuten etapa esprintean jokatu nahi. Talde-burura iritsi diren erasoaldi horien artean, lasterketako liderra egon da. Txirrindulariak berriro elkartu dira lasterketan, baina Silke Smulders (LIV, 22) berriro ahalegindu da, eta bakar-bakarrik aldendu da. Berehala, Mareille Meijering (MOV, 43) eta Rosita Reijnhout (TVL, 173) txirrindulariek bat egin dute berarekin. 9 kilometro baino ez ziren falta helmugarako. Atzetik, maillot horiaren taldea 18 segundoko aldea ixten ahalegindu da.
Azkenean, den-dena jokatu da esprintean, Team SD Worx-Protime taldearen eta Mischa Bredewolden lan eskergari esker, berriro ere azkarrena izan delako esprintean. Horiek horrela, bigarren garaipena lortu du Itzulia Women honetan, eta bere lidergoa sendotu du.
2. etaparen osteko sailkapenak
Etapako irabazlea: Mischa Bredewold (SDW, 11)
Banakako sailkapen nagusia: Mischa Bredewold (SDW, 11)
Mendiko sailkapena: Morgane Coston (CGS, 93)
Puntukako sailkapen nagusia: Mischa Bredewold (SDW, 11)
Gazte onenaren sailkapena nagusia: Gaia Segato(BPK, 124)
Taldekako sailkapena nagusia: Team SD Worx-Protime
Euskaldun onenaren sailkapena nagusia: Usoa Ostolaza (LKF, 74)
Borrokalariena: Julie Van De Velde Segato (AGS, 145)