- Mischa Bredewold 2025eko Itzuli Womeneko maillot horia eramango duen lehenengoa izango da
- Mischa Bredewoldek etapa irabazi du Aguraingo kaleetako esprintean, eta bere hirugarren etapa izan da Itzulia Womenen
- Sailkapen nagusiari begira ez dago faboritoen arteko alderik
Zumarragan, Itzulia Womeneko lehenengo etapari eman zaio irteera. Gipuzkoako udalerrian hasi eta Agurainen, Arabako lurretan, amaitu da. 110 txirrindulariak udalerriko plazatik irten dira, eta 148,5 km zein 3 mendate puntuagarri zituzten aurretik. Etapako irabazleak sari bikoitza zeukan, bigarren etapan ere jantziko duelako maillot horia.
Etaparen hasieran, eraso eta ihes-saialdi asko egon dira. 40tik gora kilometroren ostean, Arlabango mendatean (3. mailakoa), eguneko ihesaldia sortu da Morgane Coston (CGS, 93), Gaia Segato (BPK, 124) eta Katia Ragusa (HPH, 156) txirrindulariekin. Tropelarekin izan duten gehieneko aldea 2 minutu eta 55 segundokoa izan da. Atzetik, ezerezean geratu diren beste zenbait saialdi egon dira. FDJ-Suez taldearen lidergopeko tropela aldea kontrolatzen joan da.
Opakuaranzko igoeran, tropela erritmoa areagotzen joan da. Lasterketa-buruan, Morgane Coston (CGS, 93) eta Gaia Segato (BPK, 124) baino ez dira geratu. Helmugatik 55 kilometrora, aldea 15 segundokoa baino ez zen. Talde nagusian, 30 bat txirrindulari baino ez zeuden.
Ihesaldia neutralizatu ondoren, hainbat eraso eta erritmo-aldaketa gertatu dira. Erasoetako batean, Julie Van De Velde (AGS, 145) eta Eva Van Agt (TVL, 174) txirrindulariek zenbait metrotako abantaila lortu dute, harik eta tropelaren aldean minutu bateko marjina eduki arte. 42 kilometro baino ez ziren geratzen helmuga gurutzatzeko.
Eguneko azken mendatera igotakoan, iheslariek 30 segundoko aldea zuten tropelarekin. Team SD Worx-Protime taldearen lidergopeko tropelak ihesaldia neutralizatu du Azazetatik jaistean, helmugarako 17 kilometro baino ez zeudenean.
Tropela ziztu bizian eta oso urduri etorri da, eta, 7 kilometro falta zirenean, erorikoa gertatu da. Bertan, Anna Van Der Breggen egon da inplikatuta, eta etapagatik borrokatzeko aukera guztiak galdu ditu. Team SD Worx-Protimeko txirrindulariak jarraitu egin ahal izan du, baina erabat ubelduta. Aurretik, eraso gehiago egon dira, Aguraingo helmugara esprintean ez iristeko. Hala ere, ez da ondorio handirik egon.
Azkenean, azken metroetara iritsi da lasterketa, eta oso esprint estuan erabaki da. Bertan, Team SD Worx-Protimeko txirrindularia, Mischa Bredewold, izan da irabazlea. Horiek horrela, bere hirugarren etapa irabazi du Itzulia Womenen, eta maillot hori jantziko du berriro.
1. etaparen osteko sailkapenak
Etapako irabazlea: Mischa Bredewold (SDW, 11)
Banakako sailkapen nagusia: Mischa Bredewold (SDW, 11)
Mendiko sailkapena: Morgane Coston (CGS, 93)
Puntukako sailkapen nagusia: Mischa Bredewold (SDW, 11)
Gazte onenaren sailkapen nagusia: Millie Couzens (FDC, 62)
Taldekako sailkapen nagusia: Team SD Worx-Protime
Euskaldun onenaren sailkapen nagusia: Usoa Ostolaza (LKF, 74)
Borrokalariena: Gaia Segato (BPK, 124)