2026ko Itzulia Women aurkeztu da

Probaren bosgarren edizioak nazioarteko egutegian daukan agerpena indartu du, eta tropeleko txirrindulari nagusiek parte hartuko dute bertan

Gaur, maiatzak 7, 2026ko Itzulia Womenen aurkezpen ofiziala egin da Donostiako udaletxean, eta, ekitaldi instituzional horretan, ordezkari publikoak, babesleak eta probako antolatzaileak egon dira. 

Ekitaldian, Donostiako alkateak, Jon Insaustik, atriletik egin du bere agerraldia, Kiroletako zinegotzia den Iñaki Gabarainekin batera. Era berean, honako hauexek ere egon dira bertan: OCETAko presidentea, Javier Riaño; Kutxabankeko Gipuzkoa Sareko zuzendaria, Marta Madinabeitia; Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoko eta Kiroleko zuzendaria, Gorka Iturriaga; Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatua, Goizane Alvarez; Basotikeko Lurralde Oreka Berdeko diputatua, Xabier Arruti; Echemarreko Komunikazioko zuzendaria, Ibon Barberia; eta EITBko Kiroletako zuzendaria, Joseba Urkiola. 

Javier Riañok bere agerraldian adierazi duenez, “pozaren pozez gaude, bosgarren edizioaren bidez lasterketa hau sendotzen jarraitzen dugulako. Gaur egun, Itzulia Women nazioarteko txirrindularitzako lasterketa onenetakoa da, babesa ematen dioten lagun, enpresa, instituzio eta zale guztiei esker”. 

Bestetik, Donostiako Udaleko alkateak, Jon Insaustik, azaldu duenez, “donostiarrontzat ohorea da horrelako lasterketa gure hirian amaitzea, emakumeek txirrindularitzaren munduan daukaten zeregin sendotuaren adierazgarri delako. Oraindik ere, gure hiria berdintasunaren arloko liderra eta erreferentea da gizarte mailan nahiz kirolaren arlo zehatzean, goi-mailako taldeak eta kirolariak dituelako emakumeen kategorietako hainbat diziplinatan. Ekitaldi honi babesa ematen diogunean, berdintasunaren sustapenean sakontzen dugu kirolaren arloan, eta donostiarrei behar besteko aukera ematen diegu, gure lurrean beti hain maitatua den txirrindularitzako ikuskizunaz gozatzeko. Horrez gain, bere balioekin ere bat egiten dugu”. 

Donostiako Udaleko Kiroletako zinegotziak, Iñaki Gabarainek, berretsi duenez, “Donostia hiri liderra da emakumeen kirolean, kirolariei zein taldeei ematen dizkiegun babesari, bultzadari eta agerikotasunari esker, baita Itzulia Women bezalako proba garrantzitsuei esker ere. Horrez gain, Donostia-Donostia etapa gure Emakumeen Klasikoa da. Donostiako Udalak Itzulia Women irmo-irmo babesten jarraituko du, aurrerantzean ere nazioarteko kirol-erreferentea izan dadin”. 

Kutxabankeko ordezkariak adierazi duenez, “Itzulia Women proiektua bat dator gure helburuarekin eta lan-lerroekin: lurraldearekiko hurbiltasuna, aniztasunari zein aukera-berdintasunari emandako babesa eta zenbait balioren inguruko konpromisoa; esate baterako, errespetua, ahalegina eta talde-lana”. 

EITBko ordezkariak nabarmendu duenez, “Itzulia Women urteko hitzordu handienetakoa da guretzat. Gizonen lasterketan bezala, hementxe ere goi-teknologia jartzen dugu abian. Telebistako seinalea 180tik gora herrialdetara bidaltzen dugu. Ilusio eta konpromiso handiz hartzen dugun ekitaldia da guretzat”. Bere agerraldiaren amaieran erantsi duenez, “egunero-egunero, lasterketa zuzenean emango dugu ETB1en nahiz kirolakeitb.eus webgunean, eta jarraipen zabala izango du EITBko komunikabide guztietan”. 

Eusko Jaurlaritzako ordezkariak azaldu duenez, “azken urteotan, emakumeen kirolak oso aurrerapauso handiak eman ditu berdintasunerantz eta benetan merezi duen agerikotasunerantz. Itzulia Women bezalako probek egiaztatu egiten dute emakume txirrindularien talentua, ahalegina eta handinahia leku nabarian kokatuta daudela nazioarteko kirol-egutegian”. 

Era berean, bere esanetan, “egia esan, oraindik bidea dugu aurretik, baina agerikoa ere bada norabide zuzenean egiten dugula aurrera. Euskal instituziook gizartearen laguntzaz jarraituko dugu lan egiten, kirolaren arloan aukera-berdintasuna helburua ez ezik, errealitate sendotu eta iraunkorra ere izan dadin”. 

Goizane Álvarezek, Kultura eta Kiroletako diputatuak, azpimarratu duenez, “Itzulia Women leku garrantzitsuan kokatuta dago nazioarteko egutegian, emakumeen txirrindularitzak azken urteotan egin duen ibilbidearen adierazgarri. Lasterketa honi babesa ematean, emakume kirolariei eurei ere ematen zaie babesa, baina, horrez gain, hurbileko, lurreko bertako erreferenteak ere badira neskatilentzat eta gazteentzat. Instituziook hortxe egon behar gara, behar besteko baldintzak sortu daitezen eta, horrela, emakumeen talentua garatu, agerian jarri eta berdintasunez baloratu dadin. Hori ez da mesedea, betebeharra baizik”. 

Basotikeko ordezkariak aipatu duenez, “Gipuzkoa mendia da. Gure lurraldearen %60 baino gehiago basoa da, eta, neurri handi batean, lehen sektoreko bizilagunek kudeatzen dute. Gaur lasterketan ikusiko dugun paisaia hori, mendate horiek eta txirrindulariek bidelagun izango dituzten baso horiek ez dira eszenatoki hutsa: belaunaldiz belaunaldi lurraldearekin izandako konpromisoaren, zainketaren eta lanaren emaitza dira”. 

Horrez gain, “BSTK Basotik Fundazioan, honako bide honetatik lan egiten dugu: lehen sektoreari babesa ematea, kudeaketa jasangarria sustatzea, biodibertsitatea babestea, balio soziala sortzea eta geure paisaiak bizirik jarraitzea. Hori dela eta, guretzat oso esanguratsua da mendiko maillotaren babesleak izatea. Gogortasuna edo ahalegina ez ezik, nortasuna, oreka eta etorkizuna ere bada mendia”. 

Echemarreko ordezkariak adierazi duenez, “aurten ere, harrotasun handienaz emango diogu jarraipena emakumeen Itzuliari. Urtez urte, lurralde honekin eta gizarte honekin berdintasuna sustatzea da gure konpromisoa. Urterik urte, gure errepideetan nazioarteko deialdi onenetakoa garatzen denez, Itzulia Women bezalako maila goreneko lehiaketak goi-mailako antolakuntza logistikoa eduki behar du. Guk geuk azken urteotako esperientziak eskaini dizkizugun jakintza guztiak eta baliabide guztiak erabiliko ditugu, lasterketak behar bezala eta inolako gorabeherarik gabe garatu daitezen”. 

Antolatzaileek azpimarratu dutenez, 2026ko Itzulia Womenen, lehen mailako taldeek eta txirrindulariek berriro parte hartuko dute lurraldeko zenbait gune zeharkatuko dituen ibilbidean. 

Txirrindularitzako ikuskizun handia izango denez, zaleei eskatu nahi diete etapetan bertan lasterketara hurbiltzen jarraitu dezatela. Horrez gain, maiatzaren 14an, 18:00etan, taldeen aurkezpena egingo da Zarauzko kai-muturrean. 

 

Txapeldunak janzten 

2026ko edizio honetan, Gobikek berriro jantziko ditu Itzulia Womeneko sailkapen nagusiko liderrak. Lau maillot bereizgarriak betikoak izango dira: EITBk babestutako horia, sailkapen nagusiko irabazlearentzat; Basotik Fundazioak babestutakoa, mendiko irabazlearentzat; Gipuzkoako Foru Aldundiak babestutakoa, erregularrenarentzat; eta Euskadi Basque Countryk babestutakoa, txirrindulari gazte onenarentzat. Kutxabankek etapako irabazlearentzako saria babestuko du, ordea.  

Dominika Wlodarczyk nagusitu da hirugarren etapan, eta Mischa Bredewoldek Itzulia Women 2026 irabazi du
Dominika Wlodarczykek bigarren etapa irabazi du amaierako esprint estuan
Mischa Bredewoldek Zarautzen irabazi eta maillot horia jantziko du