Etxebarria, Kalamua (767 m.) mendiaren oinetan dago, eta Urko ibaiak zeharkatzen du. Haran estuz eta mendi hegal malkartsuz osaturiko inguru naturala da. Erdi Arotik aurrera, gutxienez, Gipuzkoara joateko egin beharreko bidean ezinbesteko zen bertatik igarotzea.
Oso gutxi dakigu Etxebarriko Elizatearen jatorriari buruz. Dirudienez, XIV. mendearen amaieran, Barroetako oinetxeko jaunak San Andres Apostoluari eskainitako parrokia sortu zuen, Kartagoitia izeneko bere lur-sailean.
Hala ere, garai hartako dokumentazioan ez dagon horri buruzko inolako aipamenik, ezta fundazioaren data egiaztatu dezakeen bestelako ezer.
Erdi Aroko plangintza du, luzetarako hiru kale eta horiek bateratzen dituen kantoiarekin — Guenkalea, Erdikokalea eta Kaleokerra —, eta zeharkako kale batekin — Zeharkalea — egituratuta. Hiribildua harresiz inguratuta zegoen, eta hiru ate zituen: Oruetakoa, Iruretakoa eta Suso edo Goikoa.
Harresia zen hiribildua eta elizatea bereizten zituen elementua: lehena, hiri-izaerakoa, populazio bilduarekin; bigarrena, berriz, landa-izaerakoa, populazio sakabanatuarekin. Harresi hori desagertuz joan zen presio demografikoagatik, eta, beraz, hiribildua hazten joan zen bere muturreko auzoen norabidean (errebalak). Ate bakoitzean errebal bat sortuko zen: Abesuakoa Iruretako atean; Artibaikoa Oruetakoan; eta Goikoa (Suso), gaur egun Karmengo Kalea, izen bereko atean hasten zena.