Itzulia Womeneko bigarren etapa aurkeztu da, eta irteera zein helmuga Basaurin egongo dira kokatuta

  • 2024ko Itzulia Womeneko bigarren etapako irteera eta helmuga Basaurin egongo dira 

Gaur, Basaurin, 2024ko Itzulia Womeneko bigarren etaparen xehetasunak aurkeztu dira. Ekitaldia Basauriko Social Antzokian egin da, eta, bertan, Asier Iragorrik, Basauriko alkateak, eta Alaitz Biritxinagak, Itzulia Womeneko zuzendariak, parte hartu dute.   

Aurkezpenean, Asier Iragorrik azaldu egin du pozik dagoela emakumeen kirol-ekitaldi handi hau udalerrian egingo delako Basauri Kirolaren Hiri Europar izendatu duten urtean. Gainera, basauritarrei eta, oro har, txirrindularitzako zaleei eskatu die “nazioarteko txirrindulari onenak gure kaleetan bilduko dituen proba honetaz gozatu dezatela”. “Emakumeen kirolaren garapena eta agerikotasuna sustatzea udal moduan ditugun lehentasunetakoa da, eta ekitaldi hau hemen egitea hori bultzatzeko aukera paregabea da”, erantsi du. 

Alaitz Biritxinagak ekitaldian bertan adierazi duenez, “Itzulia Women nazioarteko kirol-ekitaldia da. Basaurik horri erreparatu dionez, lasterketa honek udalerrian bertan izango ditu helmuga eta irteera. Maiatzaren 11n, larunbata, txirrindularitzako maila gorenera iritsi nahi duten gazte guztiek hurbiletik gozatu ahal izango dute World Tour giroaz”.    

Tropela maiatzaren 11n iritsiko da Basaurira. Irteera eta helmuga Social Antzokiaren aurrean egongo dira kokatuta, eta edizio honetako etapa urduriena izango da seguruenik. 104 kilometro baino ez, 3 mendate puntuagarri eta etapako irabazlea nor izango den erabakiko duten zenbait igoera-jaitsieradun amaiera. Aldeak handiak izan litezke sailkapen nagusian, azken 10 kilometro horietan txirrindulariak ondo lekuratuta ez badaude edo hankek ustezko erritmo-aldaketei aurre egiten ez badiete. 

 

Trafikoaren etenak 

Itzuli Womeneko bigarren etapako irteera eta helmuga Basaurin egongo direnez, maiatzaren 11n, larunbata, 10:00etatik 11:00etara eta 12:45etik 13:30era (gutxi gorabeherako ordutegia) ibilgailuen trafikoa etengo da Agirre lehendakariaren kalean, Nagusiko bidegurutzetik udalerriko irteeraraino (Arizko zubitik). Trafikoaren aldaketa horren ondorioz, Jose Garai doktorearen kalea eta amaieran Agirre lehendakariaren kalearekin bat egiten duen Menéndez y Pelaio kalea ere itxita egongo dira epealdi horretan. 

Dominika Wlodarczyk nagusitu da hirugarren etapan, eta Mischa Bredewoldek Itzulia Women 2026 irabazi du
Dominika Wlodarczykek bigarren etapa irabazi du amaierako esprint estuan
Mischa Bredewoldek Zarautzen irabazi eta maillot horia jantziko du