- Itzulia Women lasterketaren hirugarren edizioan nazioarteko tropeleko lasterkari onenek hartuko dute parte
- Marlen Reusserrek iaz lortutako garaipena defendatuko du.
- Itzulia Womeneko irabazleen mailloten diseinu berriak aurkeztu dira
Gaur Itzulia Women 2024 lasterketaren aurkezpen ofiziala egin da Donostiako udaletxean. Ekitaldian izan dira, besteak beste, Eneko Goia, Donostiako alkatea, Joseba Urkiola, EITBko Kirol zuzendaria, Marta Pastor Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zuzendaria, Mikel Arrillaga, HAZIko Marka eta Merkatu Ataleko arduraduna, Alaitz Biritxinaga, Itzulia Womeneko zuzendaria eta Julian Eraso OCETAko presidentea.
Donostiako alkate Eneko Goiak nabarmendu duenez, «emakumeen kirola, oro har, eta bereziki emakumeen txirrindularitza azken urteetan esponentzialki hazten ari da. Donostiatik ere ekarpena egin dugu hazkunde horretan, Euskadiko txirrindularitza elkarteekin erabateko elkarlanean, apustu argia egin baitugu, lehenik eta behin, emakumeen Donostia Klasikoa posible izan zedin eta, horrez gain, formatua aldatzea babestuz eta munduko txirrindulari guztiek egon nahi duten Itzulia Women lasterketaren azken etapa gurean hartuz».
Horren haritik Goiak azaldu du «aurtengo Itzulia Women lasterketak aukera berri bat emango digula gaur egungo txirrindularirik onenak egutegiko titulu preziatuenetako bat lortzeko borrokan ikusteko. Eta are gehiago Flandriako Tourra edo Paris Roubaix bezalako hitzordu handietan eskainitako ikuskizuna ikusita. Itzuliaren azken etapak norgehiagoka handi horiek zuzen-zuzenean berriz ikusteko aukera emango digu, zale entregatuen aurrean, munduko zale hoberen gisa hartutakoak; seguru nago zaleek dena emango dutela txirrindulari guztiak animatzeko, beti egiten duten moduan».
Alaitz Biritxinagak udalak, erakundeak, lasterketako babesleak eta lagunak bildu dituen unea baliatu nahi izan du «lasterketa hau aurrera eramateko jasotzen dugun laguntza eta babes guztia eskertzeko. Lasterketa gaztea da, baina etorkizuneko proiekzio handia du, eta oso azkar hazten ari da. Espero dugu babesak jasotzen jarraitzea lasterketa handi hau egutegian finkatu eta maila gorenean mantentzeko». Horrez gain, gaineratu duenez, «aurten Itzulia Women lasterketak beste urrats bat eman nahi du emakumeen txirrindularitza sustatzeko eta RFEC Espainiako Txirrindularitza Federazioaren Women In Bike proiektuarekin kolaboratuko du 30 txirrindularirentzako txirrindularitza hitzordua antolatzen parte hartzen; ibilbidea osatu eta gero profesionalak Boulevardeko helmugara iristen ikusi ahalko dituzte».
Gipuzkoa Foru Aldundiko Kirol zuzendari Marta Pastorrek azaldu duenez, «oso pozik gaude Itzulia Womenen hirugarren edizioan munduko txirrindularirik onenak berriz ere gurean hartzeagatik. Hitzordu honek erakutsi du nazioarteko emakumeen txirrindularitzan bikaintasunaren erreferentea dela; lehiakideen mailagatik eta etapa bakoitzean eskaintzen duen emozioagatik ez ezik, transmititzen duen berdintasun eta ahalduntze mezuagatik ere nabarmendu da. Itzulia Women emakumeak gailentzeko eta haien talentua berdintasun baldintzetan frogatzeko espazio bat da. Mugak hausteko inspiratzen gaitu, baita kirola denontzat, gizon zein emakume, benetan ekitatiboa eta inklusiboa izango den etorkizunerantz aurrera egiteko ere».
Txapeldunak janzten
Itzulia Womeneko irabazleak berriz ere Gobikek jantziko ditu. 2024ko edizio honetan orotara lau diseinu izango dira, eta irabazlearen maillot horia, EITBk babestutakoa, mendikoa (Eusko Label), erregulartasunarena (Gipuzkoako Foru Aldundia) eta gazteena (Euskadi Basque Country) nabarmendu behar dira.
Munduko txirrindularitzarik onena hiru etapatan
Itzulia Women 2024 maiatzaren 10etik 12ra jokatuko da Gasteiz eta Donostia artean, eta orotara hiru etapa izango ditu. Lasterketaren hirugarren edizioak Gasteiz, Elgoibar, Basauri eta Donostia udalerriak bisitatuko ditu, 358,9 kilometro osatuz.
Norgehiagoka maiatzaren 10ean Gasteiztik abiatzean Itzulia Womeneko irabazle Marlen Reusser (Team SD Worx – Protime) bezalako txirrindulariak bertan egotea aurreikusi da, eta horri beste izen batzuk ere gehitu behar zaizkio: Demi Vollering (Team SD Worx – Protime), Katarzyna Niewiadoma eta Elise Chabbey (Canyon// SRAM Racing), Evita Muzic eta Marta Cavalli (FDJ – SUEZ), Amanda Spratt (Lidl-Trek), Ella Wyllie eta Mavi García (Liv-Alula-Jayco), Ane Santesteban (Laboral Kutxa – Euskadi Fundazioa) eta Olivia Baril (Movistar Team), besteak beste.