- Demi Volleringek Markina-Xemeingo helmugan irabazi eta Itzulia Women 2023ko lehen lider bihurtu da.
- Volleringek 51 segundoko abantaila lortu du gainerako faboritoen aurrean.
Gaur, Itzulia Women 2023 hasi da, World Tourreko etapakako lasterketa honen bigarren edizioa. Lehen etapak 122,2 km izan eta Eika-Etxeberria eta Markina-Xemein lotu ditu. Eguraldiak ez die lana erraztu txirrindulariei, etapa osoan zehar euria egin baitu.
Behin irteera emanda, ihesaldi-saiakera asko egon dira, baina tropelak ez dio alde egiten utzi metro batzuk hartutako 10 txirrindulariko taldeari. Euria egiten jarraitu du, eta txirrindulariak kilometroak kontsumitzen joan dira erritmo onean.
Helmugarako 40 kilometroren faltan, bi txirrindulari ihesaldia osatzeko gai izan dira: Anna Kiesenhofer (CGS, 12) eta Aurela Nerlo (MAT, 155). Saiakera gehiago egon dira, baina ez dira lasterketa-burura heltzeko gai izan. Ihesaldiak gehienez 40 segundoko tartea lortu du tropelarekiko.
Team SD Worx taldea tropelaren buruan jarri da, eguneko azken igoeraren aurretik distantziak murrizteko. Horrela, 15 kilometroren faltan, ihesaldiko bi txirrindulariak harrapatu dituzte. Orduan, borroka hasi da, igoerari buruan ekiteko.
Demi Volleringek (SDW, 1) ez du asko itxaron nahi izan eta igoeraren hasieratik erritmo oso gogorra jarri du. Ondorioz, faboritoen taldea osatu da. Inor ez da Volleringen erritmoari eusteko gai izan. Atzetik, Anemiek Van Vleuten (MOV, 51), Katarzyna Niewiadoma (CSR, 23) eta Marlen Reusser (SDW, 3) 10 segundora mantendu dira.
Hala ere, mendatea 40 segundoko tartearekin gainditu eta inork ez du helmugara arte gelditu. Horrela, denbora sartu die gainerako faboritoei. Bere taldekidea bigarren izan da, 51 segundora, eta Katarzyna Niewiadoma hirugarren izan da. Anemiek Van Vleuten minutu batera heldu da.
Sailkapenak 1. etaparen ostean
Etapa irabazlea: Demi Vollering (SDW, 1)
Banakako sailkapen nagusia: Demi Vollering (SDW, 1)
Mendiko sailkapena: Demi Vollering (SDW, 1)
Puntukako sailkapen nagusia: Demi Vollering (SDW, 1)
Gazte onenaren sailkapen nagusia: Ella Wyllie (DRP, 116)
Taldekako sailkapen nagusia: Team SD Worx
Euskaldun onenaren sailkapen nagusia: Usoa Ostolaza (LKF, 143)
Saiatuena: Miriam Nuñez (MST, 154)