- Demi Vollering Amurrioko esprintean gailendu da, atzokoa baino etapa lasaiago batean.
- Volleringek aldeak mantentzen ditu sailkapen nagusian, eta azken etapak erabakiko du txapela nork irabaziko duen.
Itzulia Women 2023ko bigarren etapak Vitoria-Gasteiz eta Amurrio lotu ditu. Atzo euriak eta hotzak eragindako egun gogorraren ostean, gaur eguzkia atera da.
Lehen kilometroetan, zenbait eraso izan dira, baina liderraren taldeak ez du ihesaldirik sortzen uzteko asmorik izan. Horrela, 15 txirrindulariko talde bat sortu da, baina tropelak berehala harrapatu du.
Etapako 52. kilometrora arte itxaron behar izan dugu hiru txirrindulariren ihesaldia ikusteko: Silvia Magri (CGS, 16), Giorgia Vettorello (BPK, 96) eta Maria Novolodskaya (DRP, 112). Lehenak izan dira Amurrioko tarteko esprinta zeharkatzen, saria lortuz. Ondoren, etapako azken igoera heldu da, Malkuartu, eta tropelean erasoak hasi dira. Mugimendu horien ondorioz, tropelak ihesaldia harrapatu du, eta, azkenik, Team SD Worx taldeak bere erritmoa ezarri du mendatea buruan zeharkatuz.
Jaitsieran, Demi Vollering (SDW, 1) liderrak burua hartu du erorikoen arriskua murrizteko. Helmugarako 29 kilometroren faltan, lasterketa-buruan 25 txirrindulariko talde bat geratu da.
20 kilometroren faltan, Liane Lippertek (MOV, 53) erasoa jo du, baina arrakastarik gabe. Orduan, txirrindulari gehiago sartu dira lasterketa-buruan. Team SD Worx taldeko Mischa Bredewold (SDW, 6) erasoa jotzen ahalegindu da, baina Movistar Women’s Team taldeak tartea berehala murriztu du. Saiakera askoren ostean, Claire Steels (CGS, 11) 40 segundoko tartea lortzeko gai izan da.
Helmugarako 10 kilometroren faltan, tropelak erritmo handia ezarri du Claire Steels (CGS, 11) harrapatzeko. Horrela, 5 kilometroren faltan harrapatu dute, eta lasterketa-burua Amurrioko helmugarantz abiatu da. Bertan, gaur ere Demi Vollering (SDW, 1) azkarrena izan da. Gaurko garaipenarekin, hark Itzulia Womeneko bi edizioetan lehiatutako 5 etapak irabazi ditu.
Sailkapenak 2. etaparen ostean
Etapa irabazlea: Demi Vollering (SDW, 1)
Banakako sailkapen nagusia: Demi Vollering (SDW, 1)
Mendiko sailkapena: Demi Vollering (SDW, 1)
Puntukako sailkapen nagusia: Demi Vollering (SDW, 1)
Gazte onenaren sailkapen nagusia: Ella Wyllie (DRP, 116)
Taldekako sailkapen nagusia: Team SD Worx
Euskaldun onenaren sailkapen nagusia: Usoa Ostolaza (LKF, 143)
Saiatuena: Claire Steels (CGS, 11)