Marlen Reusserrek hirugarren etapa eta 2023ko Itzulia Women irabazi ditu erakustaldi bikain batekin

  • Marlen Reusserrek ustekabea eman eta 2023ko Itzulia Women irabazi du.
  • Bere ondoan, podiumean Demi Vollering eta Katarzyna Niewiadoma egon dira.

Itzulia Women 2023ko azken etapan, Demi Volleringek faborito gisa hartu du irteera, bigarren sailkatuarekiko 56 segundoko errentarekin. 114,8 km eta hiru mendate izan dituzte aurretik. Mendizorrotz Murgiletik igo behar zuten, eta ziurrenik igoera horrek erabakiko zuen historiako bigarren Itzulia Womenaren irabazlea.

Hasieratik, 10 txirrindularik osatutako ihesaldi bat sortu da, eta horien atzetik boskote bat abiatu da. Lasterketa buruan txirrindulari hauek joan dira: Blanka Vas (SDW, 3), Elizabeth Stannard (CGS, 13), Pauliena Rooijakkers (CSR, 25), Loes Adegeest (FST, 31), Marie Le Net (FST, 34), Sheyla Gutierrez (MOV, 52), Veronica Ewers (TIB, 61), Kathrin Hammes (TIB, 62), Ella Wyllie (DRP, 116) eta Usoa Ostolaza Zabala (LKF, 143). Boskotea, berriz, Eleonora Camilla Gasparrini (UAD, 74), Irene Mendez Melgarejo (BDU, 81), Silvia Zanardi (BPK, 91), Babette Van Der Wolf (DRP, 114) eta Sigrid Ytterhus Haugsetek (HPU, 133) osatu dute. Lehen taldeak minutu 1 eta 50 segundoko tartea lortu du tropelarekiko, eta minutu batekoa boskotearekiko.

Jaizkibel jaitsi eta gero, tropelak, igoeraren ostean kide gutxirekin, buruko bi taldeak harrapatu eta 19 txirrindulariko talde bat osatu da. Bigarren taldea burutik bi minutura zihoan.

Buruko taldeak erritmoari eutsi eta eguneko azken mendatea, Mendizorrotz, igotzen hasi da. Bertan, Murgileko harresia zuen zain. Igoeraren hasieran, lasterketako liderra buruan jarri da, nahiz eta oraindik ondoan taldekideak izan. Demi Volleringen erritmoaren ondorioz, txirrindulari asko atzean geratzen joan dira. Hala ere, sailkapen nagusiko faboritoak bere ondoan mantendu dira. Mendatea igotzen bukatzeko bi kilometroren faltan, Anemiek Van Vleuten (MOV, 51) munduko txapeldunak erasoa jo du, eta bakarrik geratu da Demi Volleringekin. Borroka prest zegoen. Bi txirrindulariek Murgil bakarrik igaro dute, eta 28 segundoko tartea zabaldu dute gainerako txirrindulariekiko.

Movistar Women’s Team taldeko liderra jaitsiera oso azkarra egiten hasi da, eta maillot horia atzean utzi du. Hala ere, jaitsieraren azken metroetan, Volleringek Van Vleuten harrapatu eta azken 20 kilometroei 25 segundoko abantailarekin ekin diete. Movistar taldeko txirrindularia izan da momentu oro erritmoa markatu duena, Volleringek atzeko taldean Marlen Reusser (SDW, 3) taldekidea, sailkapen nagusiko bigarren sailkatua, zeukalako.

13 kilometroren faltan, Marlen Reusserrek (SDW, 3), Katarzyna Niewiadomak (CSR, 23) eta Olivia Barilek (UAD, 71) buruko bi txirrindulariak harrapatu dituzte, eta erasoak hasi dira 5 txirrindulari horien artean. Horrela, erasoetako batean Marlen Reusser (SDW, 3) tartea irekitzeko gai izan da. Azkenean, hark etapa eta Itzulia Women 2023 irabazi ditu. Atzetik, gainerako txirrindulariek podiumeko beste bi lekuak jokatu dituzte, eta Demi Vollering azkarrena izan da. Marlen Reusserrek txapela eta hirugarren etapa irabazi ditu, eta Team SD Worx taldeak talde-lanari buruzko erakustaldia eman du.

Demi Vollering bigarren eta Katarzyna Niewiadoma hirugarren izan dira.

Sailkapenak 3. etaparen ostean

Etapa irabazlea: Marlen Reusser (SDW, 3)

Banakako sailkapen nagusia: Marlen Reusser (SDW, 3)

Mendiko sailkapena: Demi Vollering (SDW, 1)

Puntukako sailkapen nagusia: Marlen Reusser (SDW, 1)

Gazte onenaren sailkapen nagusia: Ella Wyllie (DRP, 116)

Taldekako sailkapen nagusia: Team SD Worx

Euskaldun onenaren sailkapen nagusia: Usoa Ostolaza (LKF, 143)

Saiatuena: Claire Steels (CGS, 11)

Demi Volleringek Itzulia Women 2023ko bigarren etapa irabazi eta maillot horiari eusten dio
Demi Volleringek Itzulia Women 2023ko lehen etapa irabazi eta lasterketako lehen liderra da
Zaaf Cycling Team taldea ez da 2023ko Itzulia Women-ean izango