- Hat-tricka Demi Volleringentzat, oso etapa latza bukatu ondoren Itzulia Womeneko hirugarren etapa irabazi baitu.
- Demi Volleringek irabazi du Itzulia Women 2022, lasterketa honen historiako lehen txapela eskuratuz.
Itzulia Women 2022ko hirugarren etapa heldu da, 139,8 kilometrorekin eta Donostiako Klasikoaren ibilbide berbera eginez. Abiapuntuan txirrindularien kontzentrazioa antzematen zen, oso egun gogorra izan baitute aurretik.
Lehenengo kilometroak oso mugituak izan dira, eraso ugarirekin; hala, 26. kilometroan Marit Raaijmakers (HPW, 112) eta Giorgia Bariani (TOP, 171) erasoan abiatu dira eta eguneko lehenengo ihesaldia osatu dute. Lasterketak aurrera egin ahala lasterketa buruaren eta tropelaren artean zenbait txirrindulari multzo osatu dira, tartean Naia Amondarain (SWT, 203) bertan zela. Lasterketako 56. kilometro inguruan bigarren multzoak etapako lider zihoazen bi txirrindulariak harrapatu ditu, eta taldea osatu dute Marit Raaijmakers (HPW, 112), Margaux Vigie (VAL, 121), Giorgia Bariani (TOP, 171), Morgane Coston (ARK, 182) eta Naia Amondarain (SWT, 203) txirrindulariekin. Ia bost minutuko gehieneko tartea lortu dute.
Jaizkibeleko igoera erabakigarria izan da tropelarentzat, eta aldea murriztu dute. Ihesean Morgane Coston (ARK, 182) bakarrik geratu da, minutu eta berrogei segundoko tartearekin Hondarribira jaitsi ondoren. Jelena Eric (MOV, 58) ere saiatu da jaitsiera bukatu ondoren, eta tropelarekiko tartea irekitzea lortu du. Ondoren, tropeletik urrundu dira Tereza Neumanova (LIV, 33), Nina Buijsman (HPW, 111) eta Mireia Benito Pellicer (MAT, 131), Jelena Ericengana helduz. Tropelak erritmoa bizkortu du eta harrapatu egin ditu, eta Morgane Coston (ARK, 182) jarri da lasterketa buru. Shirin Van Anrooij (TFS, 16) eta Jeanne Korevaar (LIV, 32) erasoan abiatu dira 119. kilometroan, eta azkenean lasterkari frantsesa harrapatu dute. Ondoren Mireia Benito (MAT, 131) zetorren. Helmugara iristeko 12 kilometro falta zirenean ihesean joandako txirrindulariek minutu eta hogei segundoko tartea atera diote tropelari. Ihesean joandakoek helmugara iristeko aukera izan dute.
Orduan Murgilen unea iritsi da, % 20ra arteko aldapekin. Ihesean joandakoak 50 segundoko abantailarekin iritsi dira. Tropelak erritmoa bizkortu du liderrak lehen posizioetan jartze aldera. Igoera hastean Shirin Van Anrooij (TFS, 16) bakar-bakarrik geratu da lasterketa buruan. Faborito nagusiek erritmoa bizkortu dute eta 8 kilometro falta zirela Van Anrooij harrapatu dute. Den-dena faboritoen taldean ebaztekoa zen, harik eta Murgil tontorrera iristeko 150 m falta zirela Demi Volleringek erritmoa aldatu duen arte, eta gainerako faboritoei 18 segundoko aldea ateratzea lortu du. Taldearekiko aldea mantentzea lortu du helmugako mugara arte eta, hala, Itzulia Women 2022ko hiru etapak irabazi ditu.
Sailkapen orokorra horrela geratu da:
- Sailkapen orokorreko liderra: Demi VOLLERING (SDW, 44)
- Bigarren sailkatua: Paulien ROOIJAKKERS (CSR, 86)
- Hirugarren sailkatua: Kristen FAULKNER (BEX, 25)
- Mendiko liderra: Elise CHABBEY (CSR, 83)
- Puntuen araberako liderra: Demi VOLLERING (SDW, 44)
- Gazteen liderra: Niamh, FISHER-BLACK (SDW, 41)
- Taldeen araberako sailkapena: Team DSM
- Txirrindulari euskaldunik onena: Lourdes OYARBIDE (MOV, 5)
- Saiatuenaren saria: Mireia BENITO (MAT, 131)